Category Archives: Osasuna

Minbizia Jurasikoan

Minbizia orain

Plazaratu berri den 2013-2020 Osasun Planaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan minbizia da gizonen lehen heriotza-kausa eta emakumeen bigarrena. Halaber, Europa mailan 2000 eta 2010 artean, gizonenganako intzidentzia urteko % 0,2 igo da, eta % 1,1 emakumeen kasuan; heriotza-tasa, aldiz, urteko % 1,5 jaitsi zen gizonena, eta % 0,7 emakumeena, epe berean. Minbiziaren intzidentziak gorantz egiten du herrialde guztietan gizarteen bizi-maila garatuz joaten den heinean. Era berean, egungo intzidentzia handiagoa da herri garatuetan besteetan baino. Hori dela eta, gure gizartean dagoen pertzepzioa hauxe da: minbizia da aurrerakuntzak dakarren gaixotasun modernoa, batez ere, iraultza industrialetik agertu diren gai kimiko, kutsadura, elikadura-aldaketa eta abarren eraginagatik. Hala ere, iraganean minbiziaren intzidentzia txikiagoa izan arren, ez da atzo goizean sortutako eritasuna. Datu paleontologikoak eta arkeologikoak ikusi baino lehen, errepara diezaiogun gaitzaren biologiari unetxo batez.

Zer da minbizia?

Izaki biziak osatzen dituzten zelulak ziklo zehatz eta kontrolatu bati jarraituz bizi dira. Zelula batzuek organismoaren bizitza osoan irauten dute, neuronek adibidez. Beste batzuk, epe zehatz bat pasata, hil egiten dira: odoleko globulu zuri mota bat, neutrofiloak, egun bakar batean sortu, hazi eta hiltzen dira; azaleko zelulen bizialdia hilabete ingurukoa da eta globulu gorriena hiru hilabetekoa; giharreko zelulen kasuan, batez besteko bizialdia 15 urtekoa da.

2005  2 premiomitosis cromosomasgloria morcillo ortega Minbizia Jurasikoan
photo: UNED

Noizean behin, zikloa kontrolatzen duten geneetan aldaketaren bat gerta daiteke, hau da, mutazio bat gertatzen da eta, horren ondorioz, tumore-zelula bihurtzen da: itxuraz aldatu, hilezkor bilakatu eta etengabe erdibitzen da. Denbora pasa ahala, tumore-zelulak metatzen dira agertu diren organoan, koskor bat osatuz. Zelula multzo honi, neoplasia, neoplasma edo tumorea deitzen zaio. Zelulek, bizi ahal izateko, odolak garraiatzen dituen elikagaiak eta oxigenoa behar dituzte, eta tumore-zelulek hain metabolismo azkarra daukatenez, dituzten beharrak ere zelula arruntenak baino handiagoak dira. Horregatik, kasu batzuetan, tumorea tamaina zehatz batera helduta, hazkundea gelditzen zaio eta tamaina horrekin luzaro iraun dezake. Askotan, halako tumoreek ez diote kalte handirik egiten beraiek dauden organoari eta  funtzioak egiten jarraitzen du ia normaltasunez. Tumore horiek onberak dira eta erauzketa da irtenbide erraz eta behin betikoa gehienetan.

Capillary haemangioma Minbizia Jurasikoan

Umeen hemangioma kapilarra, normalean jaio ondoren agertu eta hurrengo 6 hilabetetan hazten da. Urtebete pasata pixkanaka txikiagotzen doa  erabat desagertu arte (Wikimedia Commons).

Baina beste kasu batzuetan, tumore-zelulak gai dira inguruan dauzkaten zeluletan aldaketak eragiteko, adibidez, odol-hodi berrien eraketa piztuz. Neoangiogenesia da fenomeno bitxi horren izena. Hurbil dauden odol-hodiak tumorerantz hazten dira, berorren barruan sartu arte. Horrela, zelula gaiztoak berriro hasten dira erdibitzen eta tumorea, ondorioz, hazi egin daiteke. Tumore gaiztoa da hori, eta kaltea edo desoreka eragin diezaieke bai berau dagoen organoari, bai inguruko gainontzekoei . Eta hori gutxi ez balitz bezala, zelula gaizto batzuk tumoretik aska daitezke eta odol-hodietan sartu. Halakoetan, tumore-zelulak gorputz osoan barreiatzen dira eta tumore berriak sor ditzakete beste organoetan; batzuetan tumore primariotik urrun xamar agertzen dira tumore sekundarioak. Hori da, hain zuzen, metastasia izeneko prozesu ikaragarria. Kasu horretan, tumore primarioa erauztea zailagoa izaten da; derrigorrezkoa izan daiteke organo osoa kentzea zelula gaiztorik ez dela geratzen ziur egoteko, tumore berririk sor ez dezaten.

Gibeleko melanoma metastasian baskularizazioa Minbizia Jurasikoan Sagu gibelean melanoma metastasia: behealdean ehun osasuntsua eta goialdean tumore-zelulak. Metastasi barruan, marroiz tindaturik, odol-hodi berrien endotelio-zelulak  ikusten dira. (Nire tesi doktoraletik hartuta).

Minbiziaren frogak antzinako bizidunengan

Aspaldi ezagutzen dira minbiziaren kasuak paleontologia eta arkeologiaren erregistroetan. Adibidez, 1936an Erresuma Batuko Proceedings of the Royal Society of Medicine aldizkariko artikulu batean, orduan ezagutzen ziren antzinako minbizi-kasuak biltzen dira. Horretarako, dinosauroen fosiletatik hasiz eta, Egipto eta Greziako testuetako azalpenekin jarraituz, aro guztietako eta mundu osoko aztarna arkeologikoak eta literatura aztertzen du, erabiltzen ziren tratamenduak barne.

Historical Notes on Cancer proc.rsmed . 1936 Minbizia Jurasikoan Minbizia Jurasikoan

Baina ez da batere erraza minbiziari antzematea fosil batean edo Erdi Aroko eskeleto batean. Halako aztergaiak gorputzeko ehun gogorren aztarnak direnez, bakarrik hezurretako tumoreak edo hezurretan geratu diren tumore baten eraginak aurki daitezke. Eta horrek, askotan, akatsak ekarri izan ditu: hasieran hezurretako tumorea omen zena, infektatutako haustura zela ikusi da geroago. Bestaldetik, badago aukera bat ehun bigunetako tumoreak aurkitzeko antzinako aztarnetan: momiak, gizakiek egindakoak zein prozesu naturalek sortutakoak. Dena dela, azken urteetako miaketa-teknika berrien garapenari esker, asko hobetu da minbiziaren eraginen aztarnak zehazteko ahalmena, erresoluzio handiko tomografia eta erresonantzia magnetikoa kasu. Horrela, The Lancet aldizkarian 1999an azterlan bat argitaratu zen “Minbizi metastasikoa Jurasikoan” izenarekin. Une hartan metastasiaren aztarnak erakusten dituen fosil zaharrena zen, eta horren ondorengo bibliografian ez dut adibide zaharragorik aurkitu. Beraz, duela 150 milioi urte inguru, orduko bizidunek ere tumore gaiztoei aurre egin behar zieten.

800px Europasaurus holgeri Scene 2 Minbizia Jurasikoan

Wikimedia Commons

Beste adibide on bat azaltzen da Alemaniako Naturwissenschaften aldizkarian, 2003an argitaratu zen lan batean. Ordenagailu bidezko tomografia erabiliz, 700 dinosauroren 10.000 lagin aztertu ziren eta familia bakar batean aurkitu zituzten neoplasiak —gehienak hemangiomak, odol-hodietako tumorea—, Hadrosauridae izenekoan (Kretazeo periodoaren bukaerakoa, duela 65 milioi urte) eta guztiak (29) buztan-ornoetan. Tumore onberak ziren denak, bat izan ezik: Edmontosaurus batean metastasia aurkitu zuten. Egileen ustean, beste familietan aurkitu ez izanak ez du esan nahi minbiziaren erasoa jasan ez zutenik, baizik eta lagin sortaren ezaugarrien ondorioa dela. Dena dela, litekeena da Hadrosauroek hemangiomak garatzeko suszeptibilitate edo joera genetikoa eduki izana. Haien dietari ere so egin diote ikertzaileek: Edmontosauro momifikatu bateko urdailean landare koniferoen orratzak aurkitu dituzte, kartzinogenoak diren gai kimikoak dauzkaten klasekoak; gainera, badirudi soilik Hadrosauroen gustukoa zela janari mota hau. Azkenik, dinosauro familia honen minbizi-intzidentzia azaltzeari begira, hirugarren hipotesia fisiologiari dagokio: hezurretako egitura bereziagatik, Chinsamy adituak susmoa dauka metabolismo endotermikoa ote zuten, hau da, haien gorputzek beroa sortzeko gai zirela, dinosauro gehienak eta oraingo narrastiak ez bezala. Ahalmen horrek tumoreen garapena errazten duenez, besteak beste, ugaztunengan minbizi- intzidentzia handiagoa da.

edmontosaurus Minbizia Jurasikoan
photo: Ryan Somma

Edmontosauro baten momia

Normalean aipatzen ez den ikerketa-ildo garrantzitsua

Duela milaka edo milioika urteko aztarnetan tumoreen eraginak aurkitzea zaila dela albo batera utzita, zientzialari gehienak ados daude esateko antzina eskasa zela gaixotasun honen presentzia. Hortaz, hainbat galdera erantzun gabe daude oraindik: zeren kausaz gertatzen den antzinako minbizi-kasuen urritasuna; zergatik den handiagoa intzidentzia espezie batzuengan beste batzuengan baino; eragina izan ote duen gugan gizakiaren eboluzio bereziak, eta ondorioz, handitu ote duten minbizia garatzeko joera… Horrexegatik, minbiziaren historia ikertzeak prebentzio, agerpen, bilakaera eta tratamenduari dagokion ulermena hobetu lezake. Hala ere, gure gizarteko gaixotasun ikaragarrienaren ikerketa-ildorik ezezagunena da hau.

Ornitorrinko-itxurako dinosauroak:  Hadrosauroen oroimenez

Erreferentziak

  • Euskadirako Osasun Politikak Osasun Plana 2013-2020, Osasun Saila, Eusko Jaurlaritza, abendua 2013.
  • Implicación de las células estrelladas hepáticas en la regulación de la neoangiogénesis, migración y adhesión tumorales durante el proceso metastásico del melanoma B16. Aitor Santisteban, tesis doctoral. EHU-UPV Leioa, 1998.
  • Historical Notes on Cancer from the MSS. Of Louis Westenra Sambo, Alexander Haddow. Proceedings of the Royal Society of Medicine, 1936.
  • Metastatic cancer in the Jurassic, Bruce M Rothschild, Brian J Witzke, Israel Hershkovitz. The Lancet, Vol. 354, July 31, 1999.
  • Epidemiologic study of tumors in dinosaurs, B. M. Rothschild · D. H. Tanke, M. Helbling,·L. D. Martin. Naturwissenschaften (2003) 90:495–500.

KulturaZientifikoa 1 Jaialdia banner Minbizia Jurasikoan Sarrera honek #KulturaZientifikoa 1. Jaialdian parte hartzen du.